URTEAN ZEHAR XI. IGANDEA, Ekainaren 17a, Mc. 4, 26-34

APAL-APAL ETA KONFIANTZAZ

José Antonio Pagola.
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

Jesusek kezka handia bizi zuen bere jarraitzaileak halako batean etsipenean eroriko ote ziren pentsatuz; hain zuzen ere, mundua gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beren ahaleginek arrakastarik ez zutela ikustegatik. Ahaztu egingo ote ziren Jainkoaren erregetzaz? Eutsiko ote zioten zeruko Aitarekiko konfiantzari? Nolanahi ere, hau izan beharko lukete gauzarik garrantzizkoena: ez dezatela sekula ahaztu nola lan egin.

Galileako nekazarien esperientziatik jasotako etsenpluez baliatuz, beti oinak lurrean izan ditzatela, pazientziaz eta konfiantza handiz lan egin dezatela eskatzen die. Ezinezkoa da Jainkoaren Erregetzari bidea nolanahi irekitzea. Kontu egin behar dute, hartan nola lan egin.

Lehenik eta behin, jakin behar dute, beren lana ereitea dela ez ez uzta biltzea. Ezin bizi dira emaitzak zein izango begira. Ez dute kezkarik izan behar ez eginkortasunez, ez berehalako arrakastaz. Ebanjelioa ereitea izan behar dute bere ardura nagusia. Jesusen lankideek ereile izan behar dute. Besterik ez.

Hedapen erlijioso eta ahalmen sozialeko mende askoren ondoren, ereilearen keinu apala berreskuratu beharko genuke Elizan kristauek. Beti fruituak jasotzera doan uzta-biltzailearen logikaz ahaztu, eta etorkizun hobea erein nahi duenaren pazientziazko logika besarkatu.

Ereite ororen hasierak apalak izan ohi dira beti. Askoz gehiago arazoa gizakiaren bihotzean Jainkoaren Egitasmoa ereitea baldin bada. Ebanjelioaren indarra ez da sekula gauza handios edo arranditsua. Jesusen arabera, «mostaza-hazia» bezalako gauza txiki eta ezdeus bat ereitea bezala da, fedea jendearen bihotzean ezkutuan ernetzen baita.

Horregatik, fedeaz bakarrik erein daiteke Ebanjelioa. Hori eman nahi die aditzera Jesusek bere parabola xumeen bidez. Mundua gizatasun handiagoko egiteko Jainkoaren Egitasmoak berekin du indar salbatzaile eta eraldatzailea, jada ereilearen esku ez dagoena. Jainko horren Berri Ona pertsona batengan edo gizatalde batengan sartzen denean, gure gainetik dagoen zerbait hasten da hazten han.

Elizan ez dakigu une honetan no jokatu, egoera berri eta besterik ez bezalako honetan, dogma erlijioso eta kode moralei dagokienez gero eta ez-axolago den gizarte honetan. Inork ez du errezetarik. Inork ez daki juxtu zer egin. Egin behar duguna, bide berriren bila jotzea da, apal-apal eta konfiantza Jesusengan jarriz.

Goiz edo berandu, funtsezkora itzuli beharra sentituko dugu kristauek. Konturatuko gara, Jesusen indarrak bakarrik biziberritu dezakeela fedea gure egun hauetako gizarte deskristautu honetan. Orduan ikasiko dugu Ebanjelioa apal-apal ereiten, fede berritu baten hasiera bezala, ez geure ahalegin pastoralez eskualdatua, baizik Ebanjelioak berak sortua.