Jesusen beldur

José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain

 

«Jesusen antzaldatzea» delako pasadizoa ustekabean bukatu da. Goitiko ahots batek beldurtu egin ditu ikasleak: «Ene Seme kuttuna da hau», aurpegia antzaldatua du. «Entzun honi». Eta ez Moisesi, legegileari. Ez Eliasi, profetari, Entzun Jesusi. Honi bakarrik.

«Hori entzutean, ikasleak ahuspez erori dira, izuturik». Beldurra sartu die Jainkoaren misterioaren aurrez aurre gertatzeak, baina baita aurrerantzean Jesusi bakarrik entzunez bizi beharrak ere. Ez-ohikoa da pasadizoa: Jesusen ikasle maiteenak lurrean erorita, beldurrak jota, Jainkoaren ahotsaren aurrean zer erantzun jakin gabe.

Hunkigarria da Jesusen jarduera: «Hurbildu egin zaie» haren presentzia adiskidetsua senti dezaten. «Ukitu egin ditu» kemena eta konfiantza emateko. Eta hitz ahaztezin hauek esan dizkie: «Jaiki. Ez beldur izan». Zutik, eta jarrai niri. Ez beldur izan niri entzunez bizitzeari.

Jada neke da ezkutatzea. Elizan beldurra dugu Jesusi entzuteko. Beldur estalia da; zurrundu egiten gaitu eta eragotzi Jesusen, gure Jaun bakar horren, urratsen ondoren bizitzea bakean, konfiantzaz eta ausardiaz.

Beldurra diogu berrikuntzaren, baina ez egungo gizon-emakumeengandik gero eta urrunago jartzen gaituen zurruntasuni. Esan liteke, kanbio sakoneko aldi honetan egin behar dugun gauza bakarra iraganari eutsi eta hura errepikatzea dela. Zer da, ordea, beldur horren azpian? Jesusekiko leialtasuna ala beldurra Ebanjelioko «ardo berria» «zahagi berrietan» jartzeko?

Beldurra diegu ospakizun biziago eta sortzaileagoei; gaur egungo fededunen adierazle izango liratekeenei; baina gutxiago kezkatzen gara kristau on asko asperturik ikusteaz, zeinek ezin baitute bat egin, ez zirrararik sentitu ohiko ospakizunetan. Leialago ote gara Jesusekin, arau liturgikoetan zorrotz izanez, ala beldurra e ematen digu «haren oroitzapena» egin behar izateak geure fedea modu egiatiago eta sortzaileagoan ospatuz?

Beldurra diegu fededunen askatasunari. Kezka ematen digu Jainkoaren herriak hitza berreskuratu eta bere ametsak ozenki esan ahal izateak, edota laikoek beren erantzukizuna beren gain hartzeak kontzientziaren ahotsari jarraituz. Batzuengan handitu egin da errezeloa erlijioso eta erlijiosei dagokiene erez, Jainkoagandik hartu duten karisma profetikoari nola leial izango bila dabiltzalako. Beldurra izan behar ote dugu Espiritua gure elizei esaten ari zaiena entzuteko?

Bere Elizan Jesusek bizirik jarraitzen du, baina haren presentzia fede handiagoaz hartu beharko genuke eta haren hitz hauek beldur gutxiagoz hartu: «Jaiki. Ez beldur izan».