José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Kristauek ez dugu eskuratuko bizi dugun krisi erlijioso honetan beharrezkoa den adore espirituala, ez badugu ikasten Jesusekiko atxikimena beste era batean bizitzen. Jada ez da aski harremanak izatea oker ulertua dugun Jesus batekin, lainotsuki atzemana, era abstraktuan aitortua edota giza lider bat gehiago bezala miretsia den Jesus batekin.
Nola berraurkitu, ordea, fede berrituaz Jesusen baitan den misterioa? Nola berreskuratu haren berritasun bakarra eta ezinerrepikatua? Nola utzi haren suzko hitzek astindu gaitzaten? Joanen ebanjelioaren hitzaurreak garrantzi handiko konbentzimendu batzuk gogorarazten dizkigu.
Gauza harrigarria gertatu da Jesusen baitan. Joanek hitz arduratsuz dio: «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Ez da gelditu isilik betiko. Bere burua agertu nahi izan digu Jainkoak, ez errebelazioz edo agerpenez, baizik Jesus gizonagan haragi eginez. Ez du haragia «jantzitzat» hartu, ez du giza itxura hutsa hartu. Jainkoa, egiaz, haragi argal egin da, ahul eta zaurigarri, gurea bezalako haragi.
Kristauek sinesten dugun Jainkoa ez da bizi aparte eta iritsezin bezala, bere Misterio ezinatzemanean hesiturik. Gu bezalako gizaki batean topatzen ahal dugu. Harekin harremanak izateko, ez dugu mundutik zertan irten. Ez dugu zertan ibili haren bila geure bizitzatik at. Jesusengan aurkitzen dugu haragi eginik.
Honek guztiak aukera ematen digu harekiko harremanak besterik ez bezalako sakontasun nahastezinez bizi ahal izateko. Jainkoaren giza aurpegia da Jesus guretzat. Jesusen onberatasunezko keinuetan gizakiari dagokion moduan ari zaigu Jainkoa agertzen: nolakoa den eta gu nola maite gaituen. Jesusen hitzetan Jainkoaren ahotsa entzuten dugu, haren deiak eta haren promesak. Jesusen egitasmoan Aitaren egitasmoa aurkitzen dugu.
Hau guztia modu bizian eta konkretuan behar dugu hartu. Hor dago Jesusen sentiberatasuna gaixoengana hurbiltzean, haien gaitzak sendatu eta haien sufrimena arintzean: sufritzen ikusten gaituenean Jainkoak nola begiratzen digun agertzen du horrek, eta sufritzen ari direnen aurrean guk nola jokatzea nahi duen. Hor dago Jesusen adiskidetasunezko harrera bekatariei, prostituituei eta pertsona gogaikarriei: nola ulertzen gaituen eta nola barkatzen digu agertzen du horrek, eta nola nahi duen guk barkatzea iraintzen gaituztenei.
Horregatik dio Joanek Jesusez ari dela: «graziaz eta egiaz betea». Harengan Jainkoaren doako grazia dakusagu, gainezka ari dena. Harengan Jainkoaren zinezko maitasuna, sendoa eta leiala onartzen dugu. Kristau ez-gutxik bere fedea era nahasian-edo bizi duen aldi honetan, zer sinetsi eta zeinengan konfiantza jakin gabe, ez da gauza inportanteagorik kristau-elkarteen erdigunean Jesus Jainkoaren giza aurpegi bezala ipintzea baino.