Euskaldunok:
Jaio berria dugu deitzen ditugun “Kristau Sareak ” elkartea. Bazen garaia! Zein hizkuntzatan idatzi behar dugu?, erdara hutsean?, erdaraz eta ingelesez gizaki ikasiak eta unibertsalak garelako? Nik ez dut zalantzarik: edozein hizkuntzatan baina batez ere euskaraz, “lingua navarrorum”, gure hizkuntza baita. Hona hemen, beraz, gure lehen agerpena. Zu, euskalduna, ongi etorria izango zara zure usain gozoko lore freskoak eskaintzen badituzu. Ezin dugu berriz hitz hutsetan gelditu, askotan bezala. Ezin dugu ergelak izan, esaerak dioen bezala: “gaiztoa baino ergela kaltegarriagoa da, lehena noiz behin atsedena hartzen duelako, bigarrena inoiz ez!”
Hona hemen lehen eskaintza: Ameriketan egondako artzainen festa zoragarria Elizondon. Jarraian Josu Goldaratzen homilia hunkigarria
ARTZAINEN MEZA (ELIZONDO: 08-09-21)
Eukaristian Artzainen Besta ospatzera bildu zareten adiskideak.
Joan den urtean Alduden “Ohore zuri, eskual Artzaina” izan baldin bazen gure bestaren izenburua, denok zuei, artzainei eskerrak eman nahirik, gaur eta hemen, Elizondon hauxe izan nahi da aurtengoa Baztango euskalkian, dialektoan errana: “Ameriketarat gana, artzain doike!. Besta xarmant honi, gure artean inongo dudarik gabe, Mezarekin eman nahi diogu hasmenta.
Oraintxe berean, zuei begira, urte anitz ikusten ari naiz, milaka urte bateratuak, historia ederra kontatzen ari direnak, Ameriketan burutu duzuen historia. Zuena. Bakoitzaren eta denon historia preziatua, zuek soilik ezagutzen duzuena.
Nire aitzinean haize guztietan zaildutako, gogortutako aurpegiak ikusten ari naiz, lanak kolpez-kolpe zizelatutako aurpegiak. Zuen aurpegiak.
Zuei begiratzean, nik, zuek bezala Ameriketan ibilitako artzain baten semea izanik, “ongi etorri eta welcome” erraten dizuet. Eta erraten dizuet, zuen herrietatik urrun, artzaingoaren urte gogor haietako lanetan, hainbatetan, erdi eskual – erdi “inglis” hartan, “welcome my freend” erabiltzen zenuten hura, eskualdunak ez zirenak agurtzeko.
“Artzainen artzaina” den Jesusek deitu zaituzte. Eskerrak bere gonbitea onartu duzuelako.
Hona hemen, artzainak eta familiarrak, zuen Bestan hiru ideia nagusi pentsatzeko:
l. ideia: LANAK, egindako lanak bildu eta batzen zaituzte. Langileak izan zarete eta zarete. Aurre egin diozue bizitzari zuen familiendako eguneroko ogia irabazteko. Urtetan izerdia botaz, zuen gaztetasuna toki ezezagunetara eramanez eta, batzuetan ere, osasuna galduz, sasoiz beterik munduaren eraikuntzan parte hartu duzue, bertan zuen marka utziz. Zuen bizitza ez da alferrikakoa izan.
Latza izan da zinez zuen bizitza eta zaila suertatzen zen zuen sentimenduak agertzea, adieraztea. Zergatik?: herriminak, nostalgiak eta maite zenituzten etxekoen oroitzapenek barrenetik janak zinetelako. Horrelako egoeran, beharbada noizbeinka eta norbaitendako Jainkoa ere urrun gelditzen zen. Baina Jainkoa, Aitama denez, zuen ondoan zegoen beti, isilik akaso larre eta eremu zabal haietan.
2. ideia: LAGUNARTEKOTASUNAK, KONPAÑERISMOAK bildu eta batzen zaituzte. ADISKIDETASUNAK, zuen arteko hurbiltasunak. Ameriketan pasatako gora-beherek, peripeziek. Zenbat gertakari zuen buruetan metatuak eta pilatuak. Urte haietaz solasteak, heriotzak eraman zituen lagun haietaz oroitzeak urte haiek gogoratzera eramaten zaituztete.
Baina onena ez da bakarrik gogoratzea, onena da elkartasuna eta solidaritate hori mantentzea. Onena da urteek, adinak makurtzen ari den lagunaren ondoan egotea, edo eri dagoenaren edo etxeko bat galdu duenaren ondoan egotea, horiengandik hurbil egotea.
Gauza jakina baita, mus partida batean edo bisita batean, edo ostatu eta txoko bero baten kontu kontari horretan… adiskidetasuna, amistadea bizkortzen dela. Belaunak ahultzen hasita ere, bihotza beti gazte.
Eta begira, artzain maiteak, zuen bizitza eta bizipenak, zuen esperientzia ederra eta bikaina da gure herrietan. Egia da gaurko gazteak ziztu bizian bizi direla, baina aldi berean, begi-bazterrez, “con el rabillo del ojo” zuei begira daudela eta zuengandik gauza anitz ikasten dutela.
3. ideia: FEDEAK, sinesmenak, kantuek eta alaitasunak bildu eta batzen zaituzte. Jakin badakigu Jesusek maite eta animatzen gaituela. Jesus ez da arrotza guretako edo kanpoko norbait, ez. Lanean anitz ikasia da, langilea zuek bezala, xaloa, apala, umila, hondarreraino gurekin heldu dena eta dagoena, egun batean bizitza betean hartuko gaituena.
Ejenplua ematen digu, eredua eta ispilua da guretako, emeki-emeki zama arina eramaten duena bizkarrean. Oraindik urte asko gelditzen zaizue, baina bota kanpora sobran duzuena, bizitzako alforjetan, zakutoan bakarrik behar-beharrezkoa, ezinbertzekoa dena eraman, artzainak zinetenen garai haietan bezala.
Lekuz kanpo daude desanimoak, bakardadea eta gaizkinahiak, bazter batean utzi jotzeko ixten den eskua. Bertze gisara jokatu: eskua ireki eta luzatu bertzeen lagunak eta anai-arrebak izateko.
Probetxu daukazuen denbora, astia Jainkoarekin solasteko, mintzatzeko. Zuen baratzea edo etxea edo baserria izan daitezela eliza txikia, bertan Jainkoarekin topo egiteko. Isaias profetak gaur bere garaiko sinestunei hau erran die: “bila ezazue Jauna, aurkitzen ahal den artean; hots egizue, hurbil dagoen artean”. (Is 55,6) Guretako ere dira erranak hitz horiek.
Gaurko Ebanjelioan, gure bizitzako arratsaldean ere lanera, bere mahastira igortzen gaitu Berri Ona aldarrikatzera, hau da, Jesusen antzera, gure bizitzarekin erratera bertzeen artzainak izaten ahal garela gure zerbitzu, sinesmen eta laguntasunarekin. Ameriketan lan egin ondoren, hemen ere Jainkoaren mahastiaren langileak izaten jarraitzen dugu. Eta pozik eta gogotik gainera.
Senideok, adiskidetasunaren pozean, egun ona pasa dezagula denok zuen apezak opa dizue.