Josu Goldaratz, artzaina ARTZAIN

Saila: herriz berteriko apaiz eta laiko   

               Berriki hil den Jesus Goldaratz lagun honen izenarekin hasiera emango diot sail berri honi.

 

               Herriz beteriko apaiz eta laiko darama izenburutzat sailak. Hitz hauekin  zer esan nahi dut azalduko dut.  Bizi-ereduz, -gizon eta emakume-,  inguraturik bizi izan gara eta bizi gara. Lagun eredugarri askok liburu bat baino gehiagok argitzen gaitu. Jesus Jauna izan da bizi-eredu nagusia, noski, baina gaur egun ia-ia izenik gabeko lagun xume  baina nortasun eta itzal handikok bizi bidea eta norabidea erakusten dizkigute. Herriaren egileak eta herriak eginak  izatea  bere ezaugarri haundia izan da. Ezaugarri hauek azpimarratuko ditut beren ibilbideetan . Beti helburua herria  izan zuten  ez herritik serbizatzeko baizik eta herria serbizatzeko.

 

                Nire aldetik orri honen irakurleak  gonbidatzen ditut beren azalpenak bidaltzera, ezagutu eta ezagutzen dituzten beste eredu jakinarazteko

Josu Goldaratz,  artzaina ARTZAIN (I) 

Jaioa:  Iraizotzen (Ultzama): 1943ko uztailaren 21ean

Hila: Iruñean-Donezteben, 2009ko martxoaren 12an, 65 urte zituenean 

                Herriz eta Jainkoz beteta bizi eta hil da Josu Goldaratz, 65 urte  zituenean, baina Josuk oso ondo uztartu zituen bi hitz hauek. Jainkoa eta Herria.Oso ondo ulertu zuen Jainkoarik gabe, Elizarik gabe batez ere Jainkoaren Herri egitan denean,  ezin zuela bizi. Baina Herririk gabe ere ez. Oso ondo biak uztartu zuelako Josuren bizitza emankorra izan da.  Lerro hauetan Josuren ezaugarri batzuk azalean jartzera noa. Bera bezala, adinaren poderioz, apez lagun batzuk hasi dira joaten, eta bera bezala herriz beteriko apezak izan dira: Balentxi, Antonio Bobadilla,  Reger Idiart, Bernardo Maisterra eta beste batzuk. Denborak laguntzen banau “Euskal Eliza” web gunean jarri nahi nituzke beren bizitzaren fruiturik mardulenak eta goxoenak.

                Ultzamarra zen, Iraizozkoa, eta harro sentitzen zen erro hauekin. Aita artzaina, bera ere txikitatik, artzaina izan nahi zuen. Artzain-apeza izatea aukeratu zuten etxekoek, -garai hartan ohitura zen bezala-,  eta gero berak erabaki hau baieztatu zuen.  Bide honetatik   ez zuen  garai hartako erronkei muzin egin: mila ildo ireki zituen. Funtsezkoak iruditzen zaizkidalako, landu zituen hiru  alor  eta urratu zituen hiru ildo aipatuko ditut: 

               Lehen ildoa. Jesukristoren deiari erantzun zion eta beste apezkide eta laikoekin, haur eta gazteekin, eta parrokietako elizkideekin,  elkar harturik, Kontzilioaren  xedapenak eta  arauak landatu, jorratu eta mamitu zituen. Orduan, teologia berri bat sortu eta mamitu zuten eta Jesus Goldaratzen ekarpena lehen lerrokoa izan da, bai parrokietako estilo eta espirituan, bai Euskal Herriko apez Koordinakundearen  erakundean egin zituen lanak, Euskal Herriko beste apezkideekin,  hala nola “Herria bi mila Eliza” Aldizkarian eta beste  elkarte, foro eta bilera askotan. Jokoan zegoena eta dagoena  ez zen eta ez da txantekakoa: nola uztartu Eliza eta mundua,  Kontzilioaren erakutsien arabera,  nola elkartu gizakideen  borrokak eta Jainko Erreinuaren helburuak.  Eta berak oso ondo uztartu zituen biak, alde batetik espiritualismo huts eta antzu betetik ihesiz, baina, bestaldera,  tenporalismo  atzerakoi eta motz batean erori gabe.

                Josuk buruan sartuta zuen Elizaren eredua: irekia, abegikor, pobreen etxola, Euskal Herrian euskalduna eta inkulturatua. Inolaz ere ez saltzaile, salgai edo salduta. Bigarren hildoa. Herriaren deiari erantzun zion Josuk. Argi zuen “Herria” hitza ez zela  hitz  huts bat, edukirik gabe,  hitz honek bere barnean “Euskal Herria” eta munduko herri guztiak zeramatzan. Eta erantzuna eman zion, esan dudan bezala, teologia garbi baten bidez eta pilpilean egosten ziren arazoei erantzun zehatzak emanez: herriaren maitasuna, errespetua, herri kontzientzia sortuz eta bizkortuz. Eta bere barnean onena  zuena eman  zuen: ikerketa sakonak egin zituen, itzultzaile fina izan zen eta denetan eta denekin adizkidetasuna, laguntasuna, zerbitzua  ahoan eta ekintzetan. Jakin bazekien programa orokor hau ez zela arriskurik gabe burutuko.

                Bere karta-jokoan lau karta izan ditu: Jesus Jaunaren  maitasuna, Jainko Herriaren eta Elizaren maitasuna, Euskal Herriaren maitasuna, eta Mundu osoaren giza eskubideen borroka. Joko honetan  ez du inoiz atzera  egin, ez du  gezurrik bota, ez du poto edo tranpa egin. Eta horrela azken egun arte: “Aizu, -esan zidan bi egun hil aurretik-: “bidali al dituzu “Herria bi mila” aldizkarirako egin ditugun artikuluak?”. Eta bera gaixorik egonez bere apez ordezkariari eskatu zion: “ez ahaztu Legasan egin behar dituzun ezkon-deiak”.Hirugarren ildoa. Esan dut Jesukristoren Eliza eta Herria-Euskal Herria, Jesus Goldaratzen  bizitzaren osagarriak izan direla; orain hirugarren ezaugarri bat azpimarratuko dut. Bere gidaritzapean bizi eta ziren ardiak  Zer izango zen artzain bat ardirik gabe, edo irakasle bat ikaslerik gabe, edo futbol talde bat jokalarik gabe, edo koru bat abeslaririk gabe? Zer izango zen kristau elkarte bat kiderik gabe, eliztarrik gabe, elkartekiderik gabe?  Bera izan dena, herrietako gizon, emakume, gazte,  haur, Ameriketako artzain, ijito eta etorkinek  eman zioten. Haiek egin zuten Josu apez, apezkide, elizkide, elkartekide, zerbitzari, bidaide, herkide, mendikide, lankide, jolaskide, mahaikide.

                  Benetan herriz beterik bizi izan zen Josu, eta herriz gainezka hil zen piztuerarako.  

Jesus Goldaratz Josu,
guztien anaia,
harremanetan zintzo,
artzaien artzaia,
iruten ari zinen
fede, hitz ta  gaia,
Jaunaren bihotzean
har bake lasaia.  

Iraizotz  1943.07.21
Doneztebe-Iruñea 2009.03. 12an

                                              Gari alea naiz ni
                                              Egunero hiltzen,
                                              Bihotz ta gorputzean,
                                              Ildoan akitzen,
                                              Han urrutian uzta
                                              Ari da horitzen,
                                              Ogi goxoa gero
                                              Labean gorritzen