GAU BAT DESBERDINA – UNA NOCHE DIFERENTE
Eguberriak sekretu bat du bere baitan; zoritxarrez, aldi hauetan «zerbait», zehazki zer den jakin gabe, ospatzen duen jende askori ihes egiten diona. Ez du barruntatzen ere Eguberriak giltzarria eskaintzen digula, geure existentziaren azken misterioa askatzeko.
Belaunez belaun, gizakiak larriturik aldarrikatu ditu bere galdera hondokoenak. Zergatik sufritu behar dugu, geure izate hondoenetik garen guztiak zorioneko izatera deitzen bagaitu? Zer dela-eta horrenbeste frustrazio? Zer dela-eta heriotza, bizitzeko jaioak bagara? Gizakiak galdetzen zuen. Eta Jainkoari galdetzen zion; izan ere, geure izatearen azken zentzua bilatzen dugunean, bera baitugu, nolabait, jo puntu. Baina Jainkoa isiltasun, atzeman ezin, geratzen zen.
Eguberrietan, ordea, Jainkoak hitz egin du. Badugu jadanik erantzuna. Ez digu hitz egin sufrimenaz hitz politak esateko. Jainkoak ez dizkigu eskaintzen hitzak. «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Hau da, azalpenak eman baino gehiago, Jainkoak sufritu egin nahi izan ditu geure haragian berean gure galderak, sufrimenduak eta ezintasuna.
Jainkoak ez ditu azalpenak ematen sufrimenaz, baizik eta sufritu egin du gurekin. Ez dio erantzuten hainbat oinazeren eta umilazioren zergatiari, baizik eta bera da umiliatzen dena. Ez dio erantzuten hitzez gure existentziaren misterioari, baizik eta gure giza abentura bere buruan bizitzeko jaio da.
Jadanik ez gaude geure egundoko bakardadean galdurik. Ez gaude murgildurik ilunpe hutsean. Gurekin dago bera. Bada argi bat. «Jadanik ez gara bakarti, baizik solidario» (Leonardo Boff). Jainkoa partaide dugu geure bizitzan.
Den-dena aldatu du honek. Jainkoa bera sartu da gure bizitzan. Daitekeena da esperantzaz bizitzea. Jainkoak gure bizitza partekatu nahi du, eta, berarekin bat, salbaziorantz bide egin dezakegu. Horregatik, Eguberriak birjaiotzeko dei dira beti fededunentzat. Gonbit bat poza, esperantza, solidaritatea, senidetasuna eta Aitarekiko konfiantza osoa biziberritzera.
Har ditzagun gogoan Angelus Silesius poetaren hitz hauek: «Kristo Betlehemen mila bider jaio arren, zure bihotzen ez den bitartean, galdurik zaudeke harago hartarako: alferrik jaio izango zara».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain