Saila: herriz berteriko apaiz eta laiko
Berriki hil den Jesus Goldaratz lagun honen izenarekin hasiera emango diot sail berri honi.
Herriz beteriko apaiz eta laiko darama izenburutzat sailak. Hitz hauekin zer esan nahi dut azalduko dut. Bizi-ereduz, -gizon eta emakume-, inguraturik bizi izan gara eta bizi gara. Lagun eredugarri askok liburu bat baino gehiagok argitzen gaitu. Jesus Jauna izan da bizi-eredu nagusia, noski, baina gaur egun ia-ia izenik gabeko lagun xume baina nortasun eta itzal handikok bizi bidea eta norabidea erakusten dizkigute. Herriaren egileak eta herriak eginak izatea bere ezaugarri haundia izan da. Ezaugarri hauek azpimarratuko ditut beren ibilbideetan . Beti helburua herria izan zuten ez herritik serbizatzeko baizik eta herria serbizatzeko.
Nire aldetik orri honen irakurleak gonbidatzen ditut beren azalpenak bidaltzera, ezagutu eta ezagutzen dituzten beste eredu jakinarazteko
Josu Goldaratz, artzaina ARTZAIN (I)
Jaioa: Iraizotzen (Ultzama): 1943ko uztailaren 21ean
Hila: Iruñean-Donezteben, 2009ko martxoaren 12an, 65 urte zituenean
Herriz eta Jainkoz beteta bizi eta hil da Josu Goldaratz, 65 urte zituenean, baina Josuk oso ondo uztartu zituen bi hitz hauek. Jainkoa eta Herria.Oso ondo ulertu zuen Jainkoarik gabe, Elizarik gabe batez ere Jainkoaren Herri egitan denean, ezin zuela bizi. Baina Herririk gabe ere ez. Oso ondo biak uztartu zuelako Josuren bizitza emankorra izan da. Lerro hauetan Josuren ezaugarri batzuk azalean jartzera noa. Bera bezala, adinaren poderioz, apez lagun batzuk hasi dira joaten, eta bera bezala herriz beteriko apezak izan dira: Balentxi, Antonio Bobadilla, Reger Idiart, Bernardo Maisterra eta beste batzuk. Denborak laguntzen banau “Euskal Eliza” web gunean jarri nahi nituzke beren bizitzaren fruiturik mardulenak eta goxoenak.
Ultzamarra zen, Iraizozkoa, eta harro sentitzen zen erro hauekin. Aita artzaina, bera ere txikitatik, artzaina izan nahi zuen. Artzain-apeza izatea aukeratu zuten etxekoek, -garai hartan ohitura zen bezala-, eta gero berak erabaki hau baieztatu zuen. Bide honetatik ez zuen garai hartako erronkei muzin egin: mila ildo ireki zituen. Funtsezkoak iruditzen zaizkidalako, landu zituen hiru alor eta urratu zituen hiru ildo aipatuko ditut:
Lehen ildoa. Jesukristoren deiari erantzun zion eta beste apezkide eta laikoekin, haur eta gazteekin, eta parrokietako elizkideekin, elkar harturik, Kontzilioaren xedapenak eta arauak landatu, jorratu eta mamitu zituen. Orduan, teologia berri bat sortu eta mamitu zuten eta Jesus Goldaratzen ekarpena lehen lerrokoa izan da, bai parrokietako estilo eta espirituan, bai Euskal Herriko apez Koordinakundearen erakundean egin zituen lanak, Euskal Herriko beste apezkideekin, hala nola “Herria bi mila Eliza” Aldizkarian eta beste elkarte, foro eta bilera askotan. Jokoan zegoena eta dagoena ez zen eta ez da txantekakoa: nola uztartu Eliza eta mundua, Kontzilioaren erakutsien arabera, nola elkartu gizakideen borrokak eta Jainko Erreinuaren helburuak. Eta berak oso ondo uztartu zituen biak, alde batetik espiritualismo huts eta antzu betetik ihesiz, baina, bestaldera, tenporalismo atzerakoi eta motz batean erori gabe.
Josuk buruan sartuta zuen Elizaren eredua: irekia, abegikor, pobreen etxola, Euskal Herrian euskalduna eta inkulturatua. Inolaz ere ez saltzaile, salgai edo salduta. Bigarren hildoa. Herriaren deiari erantzun zion Josuk. Argi zuen “Herria” hitza ez zela hitz huts bat, edukirik gabe, hitz honek bere barnean “Euskal Herria” eta munduko herri guztiak zeramatzan. Eta erantzuna eman zion, esan dudan bezala, teologia garbi baten bidez eta pilpilean egosten ziren arazoei erantzun zehatzak emanez: herriaren maitasuna, errespetua, herri kontzientzia sortuz eta bizkortuz. Eta bere barnean onena zuena eman zuen: ikerketa sakonak egin zituen, itzultzaile fina izan zen eta denetan eta denekin adizkidetasuna, laguntasuna, zerbitzua ahoan eta ekintzetan. Jakin bazekien programa orokor hau ez zela arriskurik gabe burutuko.
Bere karta-jokoan lau karta izan ditu: Jesus Jaunaren maitasuna, Jainko Herriaren eta Elizaren maitasuna, Euskal Herriaren maitasuna, eta Mundu osoaren giza eskubideen borroka. Joko honetan ez du inoiz atzera egin, ez du gezurrik bota, ez du poto edo tranpa egin. Eta horrela azken egun arte: “Aizu, -esan zidan bi egun hil aurretik-: “bidali al dituzu “Herria bi mila” aldizkarirako egin ditugun artikuluak?”. Eta bera gaixorik egonez bere apez ordezkariari eskatu zion: “ez ahaztu Legasan egin behar dituzun ezkon-deiak”.Hirugarren ildoa. Esan dut Jesukristoren Eliza eta Herria-Euskal Herria, Jesus Goldaratzen bizitzaren osagarriak izan direla; orain hirugarren ezaugarri bat azpimarratuko dut. Bere gidaritzapean bizi eta ziren ardiak Zer izango zen artzain bat ardirik gabe, edo irakasle bat ikaslerik gabe, edo futbol talde bat jokalarik gabe, edo koru bat abeslaririk gabe? Zer izango zen kristau elkarte bat kiderik gabe, eliztarrik gabe, elkartekiderik gabe? Bera izan dena, herrietako gizon, emakume, gazte, haur, Ameriketako artzain, ijito eta etorkinek eman zioten. Haiek egin zuten Josu apez, apezkide, elizkide, elkartekide, zerbitzari, bidaide, herkide, mendikide, lankide, jolaskide, mahaikide.
Benetan herriz beterik bizi izan zen Josu, eta herriz gainezka hil zen piztuerarako.
Jesus Goldaratz Josu,
guztien anaia,
harremanetan zintzo,
artzaien artzaia,
iruten ari zinen
fede, hitz ta gaia,
Jaunaren bihotzean
har bake lasaia.
Iraizotz 1943.07.21
Doneztebe-Iruñea 2009.03. 12an
Gari alea naiz ni
Egunero hiltzen,
Bihotz ta gorputzean,
Ildoan akitzen,
Han urrutian uzta
Ari da horitzen,
Ogi goxoa gero
Labean gorritzen