José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Makeronte gotorlekuan preso, Joan Bataiatzailea antsiaz dago Jainkoaren epai izurrigarria noiz iritsiko, herriaren bekatua errotik erauzteko. Horregatik, presondegira Jesusez iristen zaizkion berriak nahasgarri gertatzen ditu: noiz ekin behar dio Jesusek ekintzari? Noiz agertu behar du justiziazko eskua?
Lepoa moztuko dioten baino lehenago, Jesusengana ikasle batzuk bidaltzeko modua egin du Joanek, barrua erretzen dion galdera honi erantzun diezaion: «Zu al zara etortzekoa dena ala beste baten zain egon behar dugu?» Jesus ote da egiazko Mesias ala beste boteretsuago eta bortitzago baten zain egon behar dugu?
Jesusek ez die erantzun ikasleei zuzenean. Ez dio eman bere buruari inolako mesiastar titulurik. Haren egiazko nortasuna ezagutzeko bidea beste bat da, biziagoa eta konkretuagoa. Esaiozue Joani «ikusten eta entzuten ari zaretena». Jainkoak bere Bidalia nolakoa izatea nahi duen ezagutzeko, Jesusen jarduerari ongi erreparatu behar diogu eta haren mezuari oso adi egon. Ezin du ordezkatu ezagutza zehatz hau beste inolako aitorpenek.
Jesusen jarduera guztia sendatzera eta askatzera dago orientatua, eta ez juzgatzera edo gaitzestera. Lehenik eta behin, ikusten ari diren hau adierazi behar diote Joani: sufritzen ari den jendeari emanik bizi da Jesus buru-belarri, jende horri osasuntsu, duintasunez eta zoriontsu bizitzea eragozten dion guztitik askatzeari emanik. Jendea sendatuz iragartzen du Mesias honek salbazioa.
Ondoren, Jesusi entzuten ari direna adierazi behar diote: esperantzazko mezua, hain zuzen ere laborari pobretu haiei zuzendua, abusu- eta zuzengabekeria-mota guztien biktima diren haiei zuzendua. Mesias honek pobreei hots egiten die Jainkoaren Berri Ona.
Norbaitek Jesus Mesiasen jarraitzaile ote garen ala beste batzuen zain egon behar duen galdetzen badigu, geure zer egintza agertzen ahal diogu? Zein mezu entzuten ahal digu? Ez dugu burua zertan nekatu jakin nahi dugunean zein diren Jesusen elkarte batean falta ezineko bi ezaugarriak.
Lehenengoa: sendatzaile den elkarte bat egiten saiatzea, sufritzen ari den jendeagandik hurbilago bizitzea, bakarrago eta babesgabeago diren gaixoekiko arduratsuago izatea, entzungo dien eta kontsolatu dituen norbaiten beharra duen jendea gogotsuago onartzea, jendearen ezbeharren aurrean presenteago egotea.
Bigarrena: elkartea ez eraikitzea pobreei bizkarra emanik; aitzitik, halakoen arazoak hurbilagotik ezagutzea, halakoen premiei kasu egitea, halakoen eskubideak defenditzea, ez uztea babesik gabe. Halakoek behar dute entzun eta sentitu Jainkoaren Berri Ona beste inork baino lehenago.
Jesusen elkartea ez da soilik fede-hastapenak eskaintzeko lekua, ezta soilik ospakizun-tokia ere. Era askotan izan behar du bizitza sanoago baten iturri, abegi-leku eta egoitza-beharrean denaren etxe.